XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Apirilaren hogoi-ta batean, aita Alberto Begiriztain-en ehorzketak Lazkao-n.

Ataundarra zen; eta, 1908-an Beloke-ko aitak Gipuzkoan zaudelarik, fraidegaietan sartua.

Ainitz zor dio Lazkao-ko fraidetxeak, euskal-liturgiak ere, bai-eta Aralarreko artzain eta beilariek.

Beloke-n bizi izana da bere gazte urtetan.

Ez zituen orduko orroitzapenak ahanztekoak.

Guk ere gogoan daukagu eta bihotzean zer ongi-etorria egin zaukun Belokeko gazteri, Alemanen urte beltzetan.

1980-an, gure arterat gonbidatu ginuen.

Haren erantzuna: Pozik joango nintzen... orko bakardadean astetxo bat igarotzera, garai bateko tokiak ikusiaz eta garai bateko lanak eta gertaerak gogoratuaz.

Zori txarrez joaterik ez nuen izan.

Ondoko urtean, Lazkao-ko guziekin etorri ahal izan zen: Bihotz-bihotzez eskerrak alako egun ederra eta atsegina antola diguzulako Beloke-n.

An ikusi degu guztiok eta txastatu egizko anaitasuna.

Ikus dezala gure Jainkoak guztion xede ona eta bedeinka gaitzala gure artean senide berriak sortuaz.

Maiatzaren hemeretzian, Mendekoste biharamunean, hemen ginuen Zirarda Irune-ko jaun Artxapezpikua, Zabalza Bikario Jenerala lagun.

Zazpi urte badu inguru hautako serora espainolak, urtean behin, Beloke-n biltzen zaizkigula.

Kar handiko hitzaldia egin dauku elizan; eta, bazkal ondoan, Seroreri eman diote Naparroako eta Espainia guziko zer nahi berri.

Ekainaren 9-an, Mgr Vincent Baiona-ko jaun Apezpikua Beloke-raino etorri zaiku; eta, azken agurrarekin, hau erran dio erdaraz, denen izenean, aita Abadeak: Hogoi-ta bi urte huntan zenbat gertakari, zu benedikatzaile!... 1969-an, buruilaren lehenean: gure elizaren sagaratzea.

1975-an martxoaren 21-an, oraiko aita Abadearen benedikatzea.

Eta lehenago, 1965-an: Couture jaun apezari, Orthezeko Moncade-n ekonoma zelarik, eman diozu gure artean fraidetzeko baimena; Jacques Damestoy-ri ere apezgaitegitik gure fraidegaietarat iragaitea.

Zuhaurek duzu-eta, 1970-an, hemen apez ordenatua.

1975-an, aboztuaren 31-an, gure ehungarren urteko egunean, zu zintugun Meza-nausi emaile.

1979-an, urtarrilaren 7-an, Paue-ondoko gure fraidetxe berritua zabaltzeko besta-egunean ere hor zinen.